XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Materiaren osaera: Substantzia puruak

64. jarduera

Dagoeneko ondo ezagutuko dituzu disoluzioak eta beraien osagaiak banatzeko teknikak; goazen, beraz, kontzeptu berri batekin: substantzia puruak.

Horixe izango da ondorengo jardueretan aztertuko duzuna, eta hasteko, substantzia hauek esperientzia mailan bi taldetan banatzen direla jakitea komeni zaizu.

Konposatuak, prozedura kimikoak erabiliz beste sinpleago batzuetan bana daitezkeen substantzia puruak dira, eta bakunak, berriz, metodo kimikoak erabiliz ere sinpleagoetan bana ezin daitezkeenak.

Baina zer dira banatze-metodo kimikoak eta metodo fisikoak?

Metodo fisikoak.

Ez dute substantzia baten izaera aldatzen.

Horrela, dekantazioa, distilazioa, lurrinketa, irazketa... erabiliz banatutako substantziek hasieran zeuzkaten propietateak mantentzen dituzte, ez dira aldatzen banatze-metodoa erabili ondoren ere.

Metodo kimikoak.

Banatze-metodo hauek (beroa, argia, korronte elektrikoa...) substantzia puru baten izaera aldatzen dute, beste substantzia berri batzuk bihurtuz, (66. jardueran ikusiko duzu).

65. jarduera

Jarduera honekin hasi aurretik egizu aurrekoan irakurritako testuaren laburpen bat.

Bertan agertzen diren ideia nagusiak osatzeko ondo etorriko zaizu berriro 58. jarduera irakurtzea.

Orain datozen jarduera hauetan substantziak konposatuak diren ala ez bereizteko esperientzia batzuk egiten saiatuko gara.

Jarrai iezaiezu esperientzian agertzen diren orientabideei eta hau egin ondoren aurkezten zaizkizun galderei erantzun.

Ea gogoz egiten duzun.

Esperientzia

Azukrea substantzia konposatua den ala ez ikertzea izango da esperientzia honen helburu nagusia.

Materiala

Saiodia

Pintza

Azukrea

Metxeroa

Tripodea

Saretxoa